XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BURUKO min galantarekin itzarri naiz. Ez zait sekula gertatu.

Amak eta Marthek sarri izaten dituzte buruko minak. Nik ez. Hala ere, gaur goizean burua lehertuko zitzaidala uste nuen.

Bayer aspirina bi hartu behar izan ditut, buruko mina eta, amak esaten duenez, baita min guztiak ere kentzen dituzten pastila zuri horiek.

Lokailu gisa hartzen ditu amak. Ez dakit buruko mina kenduko ote didaten, baina ondotxo dakit abilak direla sabela zulatzen.

Dena dela, pentsamentu batek egin du bidea nire buruan: Ez lizeora joan

Berehala beste bat sortu da: Gaur esan behar diok Grégoireri Anne Berriauz dagoela maitemindurik. Berriauren alabaz. Berriauren alabaz... Berriauren alabaz...

Askotan errepikatzen ditut hitz horiek, eta azkenik ez dute ezer esan nahi.

Burua zulatzen didaten soinuak dira.

Beste bi aspirina hartu eta arin joan naiz eskaileretan behera.

Behebarruan, Lucas jaunarekin egin dut topo.

Krisialdietako eguna zuen. Besotik hartu eta oihuka hasi da: Gizon-emakumeok, frantsesa da Argelia eta hala segituko du izaten!

Lucas jaunaren eromena goizeko zazpi eta erdietan izugarria da, batez ere zalantzan jartzen duzunean Bayer aspirinaren indarra.

Lucas jaunak De Gaulle generalaren ahots berdina du. Ez dut indarrik izan De Gaulle generalari aurre egiteko. Erantzun diot: Egia da! Eta Marokko eta Tunisia ere bai!